Kamishibai ipuinak kontatzeko teknika bat da, Japonian sortua. Etimologikoki kami hitzak papera esan nahi du eta kamishibai hitzak, berriz, paperezko antzerkigintza. Teknika honetan, kontalariak paper zurruneko orrien laguntzarekin garatzen du ipuina. Hain zuzen, aspaldian gure artean zabaltzen ari den ipuin kontaketa teknika honi buruzko ikastaroa emango du otsailaren 20an eta 21ean Josun Jimenez Maia irakasleak. IKAJAko (International Kamishibai Asociation of Japan)kide honek Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatu ditu dagoeneko kamishibaiak kontatuz.
"Haurrentzak al dira bakarrik ipuin-kontalariak?
Goroldioa bakarrik haurrentzat al da?
Eta izarrak?"
Horrelako galderak egin zituen Pello Añorgak joan den azaroaren 18an Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria jaso zuenean. Hitzaldi ederra egin zuen, Jenio Gaiztoa bere lanak jasotako saria eskertzearekin batera. Hainbat galdera jaurtiki zituen, Literaturaren esparruan era batera edo bestera lanean dabiltzanen kontzientziak astintzeko modukoak. Eta orokorrean, helduei duten ikusi, pentsatu eta egiteko manerei buruz hausnarrarazteko modukoak. Haur Literaturak horretarako guztirako balio dezakeelako, Galtzagorrik hemen eskaintzen dizkizu egun horretan Añorgak esan zituen hitzak oso- osorik.
Lehengo astean eman ziren jakitera OEPLI (Haur eta Gazte Liburuaren Espainiako Erakundeak) urtero antolatzen dituen Lazarillo Sarien 2008. urteko edizioaren irabazleen izenak. Album ilustratuaren alorrean, "El Príncipe de los enredos" izeneko lanak irabazi du. Egileak Roger Olmos ilustratzailea eta Roberto Aliaga idazlea dira. Sormen literarioan berriz, aurten Pablo Albok irabazi du "Diógenes" lanarekin. Alor bakoitzean, saria 8.000 eurokoa da.
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·